BI HODI, MILA AUKERA
Haizea eta hodia. Bi funtsezko elementu horiek partekatzen dituzte txistuak eta organoak. Tamainaz eta giroz anatagonikotzat jo daitezke bi instrumentuak baina folklorearekin estuki lotutako hiru zulodun tresnak eta elizen goikaldeak hartu ohi dituen tramankulu tzarrak harreman berezia izan dute gure herrian azken hamarkadetan. Duela zenbait hilabete jarri genuen Peio Irigoien irundarrak eta biok Bihodi Proiektua martxan, fruitu aberatsak eskaini dituen formazioari gure ikutua eman eta errepertorio propio bat ondu asmoz. Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian, ezagutu genuen elkar eta lehen momentutik bion arteko ulermena ezin errazagoa izan da. Hilabete guzti hauetan gure bi instrumentuak batuz, hainbat alor landu ditugu: folklorikoa, artistikoa noski, didaktikoa, pedagogikoa, etab. Oraingo honetan, gure proiektuak eskaintzen digun beste aukeretako bat aurkezteko probestu nahiko nituzke lerrook. Euskal melodia tradizionalen zein kanta herrikoien moldaketak grabatu genituen pasa den urtarrilean Kulturaz, Azpeitiko Kultur Kooperatibaren laguntzaz.
Gipuzkoan dugun organo ondarea itzela da; munduan ez da horrelako leku txikirik izango hainbeste organo ederrez josita. Cavaillé-Coll organo erromantiko frantsesak, Ataungo organo iberiko zaharra edota Donostiako Artzai Onaren katedraleko organo handia dira bilduma paregabe honen erakusleetako hainbat. Patrimonio horrek eta txistuak gure herrian duen maila gorenak, izugarrizko aukerak eskaintzen dizkiete txistulari zein organistei beraien instrumentuentzat espresuki idatzitako musika lanak prestatzeko. XX. mendearen bigarren erdialdean, geroz’ eta ugariagoak izan dira konbinazio honetaz baliatu eta musika lan fin bezain erakargarriak idatzi dituzten konposatzaileak. Lan horretan lagundu dute, besteak beste, Euskal Herriko Txistulari elkarteak, Silboberri elkarteak edota beste zenbait musika elkartek, konposatzaile ezagun zein ez hain ezagunei piezak enkarguz eskatuz. Gaur egun, beraz, musika pila bat dago jotzeke, estreinaldiaren ondoren kaxatik nork aterako duen zain.
Helburuak ugariak eta anitzak izanik, pixkanaka gure proiektua zabaltzeko eta ezagutarazteko lanean dihardugu momentuotan. Beasaingo Igartza Jauregian grabatutako bideoetan, lagun eta musikaria paregabea den Maria Martin abeslaria izan dugu kolaboratzaile. Jesus Guridik moldatutako lau melodia tradizional eta Xabier Otaolea zein Iñar Sastrek moldaturiko Lete, Lertxundi eta Juan Carlos Perezen hiru kanta ezagun bildu ditugu. Tradizioa eta modernitatea batuz ekosistema musikal desberdinak esploratzeko asmoz jaio da Bihodi Proiektua.
Helburuak ugariak eta anitzak izanik, pixkanaka gure proiektua zabaltzeko eta ezagutarazteko lanean dihardugu momentuotan. Beasaingo Igartza Jauregian grabatutako bideoetan, lagun eta musikaria paregabea den Maria Martin abeslaria izan dugu kolaboratzaile. Jesus Guridik moldatutako lau melodia tradizional eta Xabier Otaolea zein Iñar Sastrek moldaturiko Lete, Lertxundi eta Juan Carlos Perezen hiru kanta ezagun bildu ditugu. Tradizioa eta modernitatea batuz ekosistema musikal desberdinak esploratzeko asmoz jaio da Bihodi Proiektua.

2018ko udazkenean sortu zitzaien Peio Irigoen (Irun, 1992) eta Ignacio Arakistaini (Azpeitia, 1998) Bihodi Proiektua martxan jartzeko grina. Biak musikariak izanik, beraien arteko ulermena ezin errazagoa izan zen lehen momentutik eta hilabete guzti hauetan beraien bi instrumentak batuz, txistua eta organoa, hainbat alor landu dituzte: folklorikoa, artistikoa noski, didaktikoa, pedagogikoa, etab. Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian ezagutu zuten elkar, bertan egin baitituzte beraien musika ikasketak Aitor Amilibia txistulariaren eta Esteban Landart organo jotzailearen gidaritzapean, hurrenez hurren.
Txistua eta organoa bezalako instrumentu tradizionalek izan dezaketen jolaserako esparrua arakatu dute, bi musika-tresnak beren ohiko lanetatik aterata. Ez da gaur egungo kontua bi haize-instrumentu hauen batura, aspaldidanik gauzatu izan da gure herrian eta emaitzak beti izan dira aberats eta pozgarriak. Gipuzkoan dugun organo ondarea itzela da; munduan ez da horrelako leku txikirik izango hainbeste organo ederrez josita. Cavaillé-Coll organo erromantiko frantsesak, Ataungo organo iberiko zaharra edota Donostiako Artzai Onaren katedraleko organo handia dira bilduma paregabe honen erakusleetako hainbat.
Patrimonio horrek eta txistuak gure herrian duen maila gorenak, izugarrizko aukerak eskaintzen dizkiete txistulari zein organistei beraien instrumentuentzat espresuki idatzitako musika lanak prestatzeko. XX. mendearen bigarren erdialdean, geroz eta ugariagoak izan dira konbinazio honetaz baliatu eta musika lan fin bezain erakargarriak idatzi dituzten konposatzaileak. Lan horretan lagundu dute, besteak beste, Euskal Herriko Txistulari elkarteak, Silboberri elkarteak edota beste zenbait musika elkartek, konposatzaile ezagun zein ez hain ezagunei piezak enkarguz eskatuz. Gaur egun, beraz, musika pila bat dago jotzeke, estreinaldiaren ondoren kaxatik nork aterako duen zain.
Bihodi Proiektuak horretan dihardu, alajaina. Tradizioa eta modernitatea batuz, errepertorio propio bat osatu nahi dute bi musikari gazteek. Orain artean eskainitako kontzertuetan jasotako erantzunak eta beraien proiektua zabaltzeko duten asmo irmoak, Debako zein Azkoitiako elizetan eginiko zenbait grabaketa argitaratzera bultzatu ditu.
Bideo zein audio grabaketa hauetan, errepertorio barrokoan eta euskal musikan jarri dute arreta musikariek. Bach, Hotteterre edota Vivaldiren lanak, txirula eta teklazko instrumentu batentzat idatziak jatorrian, modu finean moldatu dituzte eta txistuak pieza barroko zein klasikoetan izan dezakeen rol berri bat azpimarratu nahi izan dute. Bestalde, XX. mendean Gorka Cuesta, Naji Hakim eta Tomas Garbizuk idatzitako piezak landu eta grabatu dituzte. Lan guzti hauek zerikusi nabarmena dute gure herriarekin eta beronen kulturarekin. Txistuaren lanketa desberdin bat gauzatzen da guztietan eta organoari beste kolore batzuk ateratzen dizkiete.
BIHODI Kontzertuak
2018eko azaroaren 11an, Usurbilgo Sutegi aretoan, Maria Martin abeslariarekin batera eta Usurbilgo Musika Eskolak antolatuta, kontzertu pedagogikoa eskaini zuten.
2019ko urtarrilaren 27an, Oiartzungo San Esteban elizan, Oiartzungo Organozaleak elkarteak gonbidaturik eginiko kontzertua.
2019ko martxoaren 17an, Irungo Junkal parrokian, Irungo Udalak antolatutako kontzertua.
2019ko martxoaren 23an, Mutrikuko elizan eskainitako kontzertua, Mutrikuko udalak antolaturik.
2019ko uztailaren 3an, Musikene, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, Kutxa Fundazioak antolatutako udalekuetako haurrentzat saio didaktikoa eskaini zuten, Maria Martin abeslariarekin batera.
2019ko urriaren 13an, Loiolako Basilikan XIX. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloan eskainitako kontzertua.
2019ko abenduaren 22an, Hondabirriko kultur-etxean eskainitako kontzertua, Maria Martin sopranoarekin batera.
2020ko azaroaren 22an, Legazpiako Azaroa Musikatua zikloan eskainitako kontzertua.
2021eko otsailaren 21ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako pianoforte eta txistu kontzertua, streamingez Tabakaleran eskainia.
2021eko uztailaren 14an, Azpeitiako Basazabal Jauregian eskainitako Udako Musika Printzak emanaldia, Garazi Navas akordeoi-jotzailearekin eta Maria Martin abeslariarekin batera, Kulturaz Kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatuta.
2022ko urriaren 25ean, Bergarako Santa Marina elizan, XXIII. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloan eskainitako kontzertua.
2022ko abenduaren 18an, Zumaiako Udalak antolatutako kontzertua, San Pedro elizan.
2022ko abenduaren 23an, Arandoño elkarteak antolatutako kontzertua, Durangoko San Frantzisko monastegian.
2023ko martxoaren 25ean, Loiolako Basilikan Musikenek antolatutako Gipuzkoako Organoak Plazara zikloan eskainitako kontzertua.
2023ko uztailaren 1ean, VIII. Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren baitan Orioko Bariko San Nikolas elizan eskainitako kontzertua.
2023ko irailaren 22an, Besaingo Igartza Jauregian eskainitako piano eta txistu kontzertua.
2023ko urriaren 14an, Escaldes-Engordany (Andorra) Orgue&nd zikloan eskainitako kontzertua.
2023ko abenduaren 22an, AMOMA (Amigos del Órgano Merlín de San Nicolás de Algorta) elkarteak antolatutako kontzertua, Algortan.
2024ko abuztuan 4an, Luçonen (Frantzia) eskainitako kontzertua.
2024ko abuztuaren 22an, Astorgako (Gaztela-Leon) 34. Organo Zikloan eskainitako emanaldia.
2024ko abuztuaren 23an, Torreciudadeko (Huesca) 29. Organo Zikloan eskainitako kontzertua.
2024ko irailaren 21ean Etxalarko Andre Maria elizan eskainitako kontzertua.
2024ko irailaren 28an, Varallon (Italia), Triaca Amici Musicale elkarteak antolatutako kontzertua.
2024ko irailaren 29an, Lozzolon (Italia), Triaca Amici Musicale elkarteak antolatutako kontzertua.
2024ko azaroaren 3an, Vilafranca del Penedésen (Katalunia) eskainitako kontzertua
2024ko abenduaren 28an, Berrizen Valentin Lasuenen omenez eskainitako organo eta txistu emanaldia.
2025eko urtarrilaren 3an, Lesakako Roqués Organoaren Lagunek antolatutako kontzertua.
2025eko martxoaren 7an, Jerez de la Fronteran (Andaluzia) eskainitako emanaldia.