IGNACIO ARAKISTAIN AGIRRE
Ignacio Arakistain Agirre Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondoren, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Saritua izan da Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketako tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioaren aipamen berezia jaso zuen. Burgosen ospatutako III. Francisco de Salinas Organo Lehiaketa Nazionalean hirugarren postua lortu zuen, bestalde. Donostiako Musika Hamabostaldian, Bizkaiko Hotsak zikloan, Nafarroako Organo Zikloan, Andorrako Organo Zikloan eta beste hainbat ziklotan parte hartu du Euskal Herrian, estatu mailan zein nazioartean (Italia, Austria, Frantzia zein beste). Kalifikazio gorenekin amaitu zituen 2021ean bere ikasketak Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian, Esteban Landart, Loreto F. Imaz, Monica Melcova edo Karol Mossakowski maisuekin lan egin ostean.
Etengabea izan da bere parte hartzea hainbat proiektu kulturaletan eta 2019an bere lehen konposizioak Galerak proiektuaren baitako diskan kaleratu zituen. Ganbera-musikaren alorrean, nabarmentzekoak dira Garazi Navas akordeoi-jolearekin zein Peio Irigoyen txistulariarekin gauzatutako proiektuak. Azken honekin sortutako Bihodi Proiektua taldeak berrogeita hamar kontzertutik gora eskaini ditu jada, organoaren eta txistuaren arteko batuketa zabalduz eta ezagutzera emanez.
Bestalde, 2022ko urtarrilean VI. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria jaso zuen, Valentin Larrea (1876-1970) konposatzaileari buruz eginiko lanagatik. Artearen dibulgazioarekin duen konpromesuaren erakusle dira Naiz Irratian, Irutxuloko Hitzan edota Azpeitia Gukan azken urteotan argitaratutako testuak, irratsaioak eta kolaborazio desberdinak. Horretaz gain, Azpeitian, uda garaian musika klasikoa eta ondare patrimoniala batzen dituen Udako Musika Printzak musika zikloaren sortzaile eta bultzatzailea da.
Vienako Musika eta Arte Dramatiko Unibertsitatean bere masterreko ikasketak amaitu berri ditu, Pier Damiano Peretti, Anna Scholl edota Johannes Zeinler maisuekin lan egin ondoren. Egun, Tolosako (Frantzia) Conservatoire a Rayonment Régional Xavier Darasse instituzioan formatzen dihardu Yoann Tardivel musikariarekin eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan organo irakasle gisa ari da lanean.